XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urte bereko urriaren 13an erosi zion Diputazioak Jose Joakin Ampuero jaunari etxe zahar bat eta atzekaldean zeukan orube bat, eraikitzen ari diren plazarekin muga dutenak.

Hiru bizitza eta denda bat dauzka etxeak salmentako agiriak dioenez.

Larehun metro karratuko etxea eraikitzeko asmoa zuenez Diputazioak ez zeukan erositakoarekin nahiko, eta Bilbo udalari erosi zion 1833eko maiatzaren 18an lehen jasotako etxearen alboan zegoen orubetxo bat eta Egoitzak behar zuena osotzeko 1833.eko uztailaren 30ean, Policarpo Daoiz, Rozalejoko Markesa zenari, beste orubetxo bat erosi zion.

Ampuerotarrei erositako etxe zahartxoaren hormak indusketa egin denean agertu direnak izan daitezke, eta Foruen kalera ematen duen harrizko horma, egungo proiektuan zutik mantentzen dena, Diputazioak 1833an eraikitako Egoitzarena da.

Esan dezagun 1849.eko abenduaren 31an amaitu zituela Antonio Goikoetxeak Plaza Barriko eraikitze lanak.

Diputazioak bere egoitzaren gailurrean jarri zuen armarriaren azpian J. M. Zugastik kokatu zuen 1844an erlojua.

Unamunok plaza honi eskainitako bertsoetatik aparte, gogora dezagun, artearen munduan, 1890.eko abuztuaren 31an plazaren erdian kokatu zela Mariano Benliurek Diego Lopez de Haro-ri egindako brontzezko estatua, 1896an orain dagoen tokira eramana.

Galo Manuel Jose Losada Perez de Nenin pintoreari ere (1865-1949) zor zaio aipamen bat.

Plaza hau eraiki orduko Pantaleon Perez de Nenin jaunak ortuak eta lorategiak zituela esparru honetan esan dugu.

Plaza inguratzen zuten etxeetarik bat jaun honek eraiki zuen eta bertan jaio zen Losada pintorea, Pantaleon jaunaren iloba.

Oleo eder bat eskaini zion Losadak etxe honi eta Resurreccion Maria Azkuek 1911an Ortzuri bere opera estreinatu zuenean, Losadak pintatu zizkion eskena-tokiaren dekorazioak.

Ez zekien Losadak berak pintatutako etxe honetan kokatuko zela Azkue adiskideak sortutako erakundea.

Delmasek dioskunez, 1860. urtearen inguruan txikia geratu zen etxe hau Diputazioaren zerbitzu guztiak eduki eta emateko.

Horregatik, duela 108 urte, 1883.eko apirilaren 26an, beraz, gaurko egunean, erabaki zuen Diputazioak Egoitza berri baten beharra.

Bilboko Institutuan kokatzea pentsatu zen, baina hura ere txikia gertatuko zelakoan, Bilboko zabalgunean Egoitza berri bat eraikitzea erabaki zen 1885.eko apirilaren 15ean.

Etxe berri hori egiteko lurraldeak 1890.eko otsailaren 7an erosi ziren eta Luis Aladren arkitektoaren zuzendaritzapean eraiki zen Diputazioaren Egoitza berria 1890 eta 1900 urteren bitartean.

Orain ezagutzen dugun Bizkaiko Diputazioa 1900.eko uztailaren 31an inauguratu zen.

Utzitako Egoitzarekin zer egin behar zen luze eztabaidatu zen hurrengo urtean eta 1901.eko irailaren 26an Ingeniarien Eskolarako uztea erabaki zen.